XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Escribe Basarri

DANETIK ZERBAIT

Prozesioak galerazi bearreko zerbait ote dira? Prozesioak oso onak dira berez. Gorputz eguneko prozesioak beti zan dira izen aundiko. Aurten galerazi egin dira Kataluña'ko egal batzutan.

Prozesioak ain onak izanik, jendearen jokabideak itxusitu egiten ditu sarri askotan. Erromeri usaia dute zenbait lekutan eta au ezin ontzat artu eleiz agintariak. Gauza bakoitzak bere tokian ematen du ondo. Ardoa edatera tabernara joan bear da, pelotan egitera prontoira igeri egitera putzura.

Goimallako teologoa dan Aita Antonio Udina eran ontan mintzatu da: Kontzilioan etzan aitatu ezertarako prozesio konturik. Aldaketa txikienik egiteko agindurik etzan eman.

Debozio mutegiak bezela dira prozesioak: Jauna gurtzea ta adoratzea da beren elburua. Prozesioak galeraztea baño obe litzake beroietara dijoan jendea ezitzea; nun eta zertan dabiltzan konturatzea ta dagokien bezela jokatzea. Ta... ba-daukagu zer ikasia!

Baiona'n argitaratzen dan Herria asterokoan pixu aundiko zerbait idatzi du Etxekorena jaunak. Ezterizkiot oker dabillenik bere arrazoi bidetan.

Lenago maixu zarrak begirunez epaitzen ziran, naiz aien lan guziak ez gogozko izan.Orain iñor gutxi artzen da txalogarri ta agurgarritzat. Besteenganako begirunea urritu zaigu; errespeto palta dabil ugari.

Lau ta bi sei diran bezin egia, noski. Lepo gañean bururik daramanak uka ez lezakena.

Ola jarraitzen du Etxekorena jaunak: Gizon aundien urritasuna dagola esango digute gazte jendeok. Ditekena da au egia izatea, baña ez egi osoa. Iñoiz, bear bada zar eta antziñakoak geiegi goralduak izan zitezkean. Ori baño okerrago da guzieri zaputz egin, dana ukatu ta ez iñor maixutzat artzea. Euskal lorrean gizon gallen eta goitarrak ba-dira alegin guziak egiten ari diranak. Aurrera ezpagoaz ezta gizon oien erruz ikasi nai eztutenen paltaz baizik.

Entzun nai eztuna baño gorragorik eztiteke izan.

Urtean dozenerdi bat eskuzko partidu telebisioz ikusteko era izango ote degun, zabaldu dira zuzmurrak. Lengoan eman zan bakar orrek egundoko ixtimazioa izan zun nunbait.

Kanpoan sakabanatuta bizi diran euskaldunak etziran azkenengoak izango telebisioa zorontzen. Erruz gustatu da nunbait bazterretan, eta ain asiera onak jarraipena eskatzen du. Ain joko eder zoragarria izanik, pelota ezagutzen eztutenak milloika dirala sinisteak lanak ditu.

Usategieta gazteak eztu ganadu ederra urrengo kontrarioa.

Arrua'ko Agustin Ostolaza'rekin dago jokatu bearra. Ostolaza onek denbora asko eztala arriturik eta zoraturik utzi zun jende guzia Azpeiti'ko zezen plazan.

Lan ikaragarriak egin zitun; bere kontra joan bear dutenak gogoan izateko modukoak. Lan ura, nere ustez nik baño sarriagotan gogoratuko du Usategieta gazteak. Ala egin bear ere. Nik eztaukat zer galdurik, baña ark bai.

Bentaja pixkat ematen dio Ostolaza'k Usategieta gazteari.